ARGIA 14/10/19
Aurkezpenik behar ez duen horietakoa dugu Gorka Urbizu. Berri Txarraken 20. urtemuga dela eta kaleratzear daukaten zortzigarren diskarekin buru belarri lanean ibili arren Argiako kazetariekin hitz batzuk trukatzeko astia izan du, hitzak josteko duen abilezia, berriz ere, guztiori erakutsiz. Hitz sorta horiek musika dute ohiko bide lagun eta horrek egin ditu ezagun mundu mailan. Euskara hutsean eginiko kantek Europa, Asia eta Ameriketan zehar dauden antzoki, taula, taberna edo bestelako toki ezagutzeko aukera eman diete.
Azken datu honek ihes egin ohi izan digu askotan. Horrelako hizkuntza gutxitu bat horrenbeste jenderen belarrietara iristea eta hauei emozioa sorraraztea zein handia den ohartzea zaila egiten baitzaigu. Sortutako materiala hartzen dugu kontutan, horren atzean dagoen lanari eta ematen dituen fruituei erreparatu gabe, benetan duen balioa baino txikiagoa emanez.
Eman al dio norbaitek euskarari horrenbeste entzute orainarte? Ez dakit erantzuna aurkitzeko gai ote garen, agian arreta gehiago jarri beharko genieke gure kultura ekoizpenei.