Heziberri, LOMCEren egituran

Jaurlaritzak Espainiako araudiaren edukiak osatu ditu, EAErekin eta euskal kulturarekin lotutako eduki baliokideekin.

Ikasleen manifestazioa, Gasteizen, Espainiako hezkuntza erreformaren aurka.

LOMCEk zehaztutako egituraren gainean egokitu du Eusko Jaurlaritzak Heziberri egitasmoa. Hezkuntza Saila prestatzen ari den kurrikulum dekretuetan Espainiako Gobernuaren legearen puntu gehien-gehienak errespetatzen dira, bai eta, «euskal dimentsioa» emateko edukiak gehitu dituzte. BERRIAk Heziberriren dekretuok aztertu ditu; oraindik ere eztabaida prozesuan daude.

EUSKAL HERRIA

Kulturari atxikia

Euskal Herria kontzeptua (euskaraz idatzia) hainbat aldiz agertzen da, Heziberriren gaztelerazko testuan ere. Arazoa da, kasu gehienetan kultura, hizkuntza edota ohitura hitzekin partekatzen duela esaldia. Hau da, Euskal Herria ez da erakunde juridiko-administratibo gisa agertzen; aldiz, kultura, ohiturak eta hizkuntzaren eremuaz aritzean agertzen da. Jarrera hori Isabel Zelaa aurreko Hezkuntza Sailburuak landu zuen kurriculumarekin bat dator.

Euskal Herriaren adiera hori Lehen Hezkuntzako kurriculum dekretu osoan islatzen da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako kurrikulumean muga apur bat ilunagoa da, baina, betiere kulturatik gertu: musika, Antzinaroko zibilizazioen aztarnen eremua… Nafarroa DBHko Historia ikasgaian agertzen da, soilik; bertako edukietan Nafarroako Erresuma lantzen da.

ERLIJIOAREN ALTERNATIBA

‘Konstituzio’ hitza gabe

Ikastetxeek Erlijioa ikasgaia «derrigor» eskaini behar dute, LOMCEk aginduta. Hori hautatu nahi ez duten ikasleentzat Balio Sozial eta Zibikoak izeneko ikasgaia prestatu zuen Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak, Espainiako Konstituzioarekin lotutako zenbait edukiekin. Heziberriren kurriulukmean ez da konstituzio hitza agertzen; bai ordea Espainiako legedia, EAEn eragina duten araudi guztiekin batera, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, kasurako.

Bestetik, LOMCEk Espainiako «ikur nazionalen» esanahia ezagutzea eta azaltzea sartu du Balio Sozial eta Zibikoak ikasgaian: Espainiako armarria, bandera eta himnoa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du halakorik sartu Heziberrin.

HAUTU AFEKTIBO-SEXUALA

Ebaluazio irizpideen artean

Heziberrik LOMCEren ebaluazio irizpideak osatu ditu diskriminazio eta «gizarte bidegabekerien» alorrean. Hezkuntza Sailak ebaluazio irizpideen artean txertatu du norberaren izaera afektibo-sexualaren aurkako diskriminazio egoerak antzematea. Espainiako Hezkuntza Ministerioak eskubide berdintasuna txertatu du oinarrizko kurrikulumean, baita jaiotza, arraza, sexu, erlijio eta iritziengatiko diskriminazio eza ere.

EKONOMIA

Bete-betean sartuta

Heziberrik bere egin du LOMCEren aldaketa esanguratsuetako bat; ekonomiaren lanketa Lehen Hezkuntzan, 6-12 urte artean, Gizarte Zientziak ikasgaiaren barruan: kontsumoa eta publizitatea, produkzio moduak, finantza heziketa, dirua, aurreztea, enplegagarritasuna eta ekintzailetza… Zenbait alorretan LOMCEk ez duen ikuspuntua ematen dio gaiari (kontsumo arduratsua, lan gatazkak hitzaren bidez konpontzea…), baina muina Espainiako legetik hitzez hitz hartuta dago!

EUSKARA

«Lehentasunezko trataera»

Hezkuntza Sailak aldatu du 2007ko kurrikulum dekretuan zegoen elebitasunaren formulazioa. Heziberrik euskarari «lehentasunezko trataera» ematen dio, «gizarteko erabileran duen desoreka berdintzeko». 2007ko dekretuan ez zen halakorik ageri.

0 comments