IZOZMENDIAREN ALDE EZKUTUA

Literatura izan liteke, askorentzat, bizitzatik oharkabe dabilen horietakoa; baina guztiz erratuta dago horrela uste duena.

Literaturak, beste hainbat eginkizun izateaz gain, komunikatzeko bidea zabaltzen du. Denborapasa ere bada, herri baten kulturaren adierazlea, hizkuntza baten oinarri sendoa. Eta baita pentsarazten diguna.

Liburu batzuek ez gaituzte axolagabe uzten. Geure jokatzeko eraz hausnartzetik mundua ikusteko dugun erara denetarik pasa daiteke geure burutik.

Horrelakoxea da, alegia, Jabier Muguruzak argitaratu berri duen Hilen logika ezkutua eleberria. Bertan, bizitzari nola begiratzen diogun pentsaraziko diguten hamasei narrazio biltzen dira. Izan ere, Muguruza bizitzan, literatura bezala, oharkabe igarotzen diren gauzak bilatzen eta horiek nabarmentzen aritu da azken urteotan.

Orain, helduentzako bere azken nobelak argia ikusi eta hamabost urte geroago, bere inguruan eta, ziur, guztion inguruan dabiltzan xehetasunei garrantzi berezia eman nahi izan die, hari “izozmendiaren alde ezkutua” interesatzen baitzaio.

Beste askori gertatu izan zaien bezala, liburu honek geure arreta deitzea lortu du. Ziur gaude pentsaraziko digutenetakoa izango dela, eta ezin dugu itxaron geure begirada eta ikuspuntua aldatzeko, bizitzaren alde politaz eta liluragarriaz jabetzeko.

http://www.berria.eus/paperekoa/2014/029/001/2014-10-30/eguneroko_bizitzan_jokatzen_dugu_denok_gure_partida_nagusia.htm

0 comments

*