“NORA ZOAZ, ESKUAL SEMEA, HARMA HORI ESKUTAN?”

Seguruenik ezagunak egingo zaizue Gorka Knörr-ek idatzitako Azken agurraren negarra kantaren zati hau. Hainbatetan entzun dugun abestia da, baina ba al dakigu zer dela eta idatzi zuen abeslari euskal-katalandarrak? Bada, pasa den igandeko “Tribuaren Berbak” saioaren inspirazioz, galdera horri erantzuteko asmotan gatoz.

Diotenez, Ipar Euskal Herrian euskarak atzerakada izugarria eman zuen hainbat gerra izan zirela eta, izan ere, euskal herritar askok Frantzia babestera joan behar izan zuten. Hala era, horretan aditu den Eneko Bidegain elkarrizketatu zuen Kike Amonarrizek “Tribuaren Berbak” saioan bertan, eta hark argi utzi zuen Ipar Euskal Herriko euskararen atzerakada 50 urte inguru lehenagotik zetorrela. XIX. mende bukaeran euskaldun gehienek frantsesez ez bazekiten ere eskola eta armadaz baliatuta ekin zion Frantziak zapalkuntzari, eskolan frantsesez irakasten eta frantses aberria euskaldunaren gainetik jartzen hasi baitzen, ia herri guztiak honako esaldiak bezalakoxez betez: “combattants morts pur la patrie” (aberriaren alde hildako gudariak)

Ondoren, herritarrak Frantziarekin batuko zituen Lehen Mundu Gerra hasi zen, euskararen gibeleratzearen hurrengo urratsa. Jean Elizalderen hitzetan: “Mila bederatziehun eta hamalaua! Euskal etxeetan hamaika negar eginarazi duen urtea! Gerla hasteko urtea!”. Argi dago ez zela xamurra izan euskaldunontzat, ez eta euskararentzat ere. Xipri Alberbide idazlearen iritziz atzerakada ideologiko nabarmena eman zen, izan ere, euskaldun zein frantziarrak Alemanian preso egon ziren eta horrek etsai komun bat izatea ekarri zuen: Alemania. Horrek bateratu zituen Ipar Euskal Herri eta Frantzia, horri esker euskaldun asko frantses sentitzen hasi ziren. Horren froga garbia “Eskualduna” aldizkaria dugu, Frantziaren alde euskaraz idazten zen aldizkaria.

1914ko abuztuaren 7ko alea

1914ko abuztuaren 7ko alea

Gaur egun ezin da ulertu zergatik idazten zen “Biba Frantzia” euskaraz, baina kontutan hartu behar dugu hori idatzi zutenek Ipar Euskal Herria Frantziaren ataltzat zutela. Halaber, euskara arriskuan ez zegoenez, Frantzia ez zen etsai bat eta ezin zuen izan, eurak ere baitziren Frantzia.

Baina hau ez zen horretan gelditu, Bigarren Mundu Gerra antzekoa izan zen, hau da, euskararen atzerakada nabarmenaren beste urrats bat.

Lehen aipatutako Xipri Alberbiderekin ere aritu zen hizketan Kike eta hark dio Algeriako gudan jasandako atzerakada mundu gerretakoa baino kolosalagoa dela, gazteek euskara transmititzeari utzi baitzioten. Bitxiena da ez dagoela arrazoiaren zergatirik, ulertezina da. Hala eta guztiz ere, baikorra da Alberbide, lehen terroristatzat jotzen baitziguten askok eta Ikastola, Gau Eskola eta Irratiei esker onartuak baikara orain. Gainera, guraso askok haurrak euskaraz eskolaratzeko hautua ikaragarrizko aurrerakada iruditzen zaio, baina, nahikoa al da?

Urratsez-urrats eta pausoz-pauso euskara gibeleratu zaigun bezalaxe ekin beharko genioke aurreratzeari, gertatu denari erreparatuz, begiak etorkizunean jarri eta euskaraz hitz egiten, mintzatzen eta berba egiten dugun Euskal Herri bat irudikatu.

 

0 comments