“Zakarretara bota behar banauzu gehiegi erabili izanagatik izan dadila”

Interneteko orrien artean aurkitu nuen esaldi honek jakin mina sortu zidan. Zakarretara bota gehiegizko erabilpenarengatik? Baina zer bota behar da? Kuriositateak bultzatuta atxikita zekarren estekan klik egin nuen nondik zetorren jakiteko. Eta, hara, azken aldian irakurritako testu onenetariko bat aurkitu nuen.

Argia aldizkarian Josune Azurmendi gazteak idatzitako lana duzue hau. Euskararen izenean sinatutako eskutitz baten bidez, gaur egungo egoeraren nondik norakoak azaltzen dizkigu, betiere emozio eta sentimenduekin jolastuz.

Irakurri ondoren zer pentsatua ematen duen testua da. Euskarak duen garrantzia datorkit burura eta askotan berarenganako daukagun axolagabekeria. Zenbat aldiz aldatu dugu hizkuntzaz, darabilgunak esan behar dugunarentzako ez duela balio pentsatu dugulako? Lehen pertsonan hitz eginda, makina bat aldiz egin dudala onartu behar dut. Josune Azurmendik baina, berriz ekarri dit gogora hizkuntza baten biziraupenerako zein kaltegarria den hau, gure hizkuntza zaharrari “ahoz aho ibiltzea” gustatzen zaiola birgogoratuz.

Hitzek bizitza ematen diotela esaten du hurrena eta bizi hori agortezina izatea gure eskutan dago. Nik behintzat ez dut zakarretara botako, berrerabiltzea nahiago dut.

0 comments

*