Nola irudikatuko zenuke euskara?

Norbaitek ba al daki zer ospatzen dugun euskaldunok urtero abenduaren 3an? Ziur nago asmatu duzuela, buruan izango baituzue datorren asteazkenean, urtero lez, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dela.   Eta ba al zenekiten ekimen honen jatorria uste baino askoz ere zaharragoa dela?

1949an gaude, Eusko Ikaskuntzaren baitan. Euskarari omenaldi bat egitea eta euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzea otu zaigu. Ideia aurrera eramateko modua, egun oso batean zehar bertso eta poesiaren inguruko topaketak egitea izango da, Euskaltzaleak Bazkunak eta Euskaltzaleen Biltzarrak euren laguntza eskaintzen digutelarik.

Zein izango litzateke egunik aproposena urte askotan luzatuko den omenaldia ospatzeko? Ba, Frantzisko Xabierkoa santu nafarraren eguna, haren 1552ko heriotzaren aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzan, euskaran, eman baitzituen.

1949tik hona, nabaria denez, gauzak aldatu dira. Urtero abenduaren 3an euskara omentzeko jardunaldiak egon izan dira, baina ez da 1995ra arte eguna instituzionalizatu, Eusko Jaurlaritzari eta Euskaltzaindiari esker.

Aurten, 2014an, ENEren antolatzaileei kanpainia interesgarria bururatu zaie, hizkuntzari beste begirada bat emango diona eta euskaldunon artean zerbait mugiaraziko duena. “Euskara Irudikatu”-ri buruz ari naiz, alegia. Abenduaren 2ra arteko epea duzue euskarak zer transmititzen dizuen, hots, nola irudikatuko zenuketen pentsatzeko. Hori argazki batean islatu eta hitz baten bidez deskribatu behar duzue. Bidali eta, gainera, euskararen aldeko kamiseta batzuen zozketan sartuko zarete.  Ez al da proposamen ona?

Guk, behintzat, badugu hemendik asteartera arte pare bat burutazio garatzeko asmoa. Animatu zaitezte, eta asko eskatzea ez bada, norbaitek eginez gero, sarrera honen iruzkin moduan utz lezake, guztiok ikusteko.

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du, ziur, baina euskararen alde, horiek biek bat egingo dute.

0 comments

*