Abenduaren 3an, euskara Diasporetan barra-barra

Datorren abenduaren 3an ospatuko da, urtero legez, Euskararen Nazioarteko Eguna. Hori dela eta beti bezala mundu zabaleko euskal etxeek deialdiarekin bat egin dute. Diasporako euskaldunen artean festa honek oihartzun handia izan ohi du eta dagoeneko heldu dira gurera zenbait hitzordu. Diasporak,hainbat arrazoi direla eta euren lurraldea utzi duten euskaldunen edo euskal herritarren sakabanaketari deritzo. Horietariko batzuk euskaldunak dira hauetako askok lotura berezia sentitzen dute euskal herritarrekiko edo Euskal Herriarekiko nahiz eta hauek Euskal Herritik at bizi diren.

Donostian diasporako euskal etxeak jo eta su ari dira lanean, Euskararen Eguna dela eta hainbat ospakizun, ekitaldi eta topaketa antolatuz. Izan ere, festa hau Diasporako euskaldunak gogoan sortu zuen 1948an Eusko Ikaskuntzak, eta harrezkero, urtero urtero, hitzorduarekin bat egin dute munduko makina bat euskal elkartek, hutsik egin gabe.

Aurten ere, Euskal Herritik kanpo euskararen eguna ospatzeko hainbat ekitaldi burutuko dira:

Hasteko, Londresen London Basque Society elkarteak Mintza Eguna egingo du larunbaten, azaroaren 29an, euskara praktikatzeko eta praktika horrekin Londresen ere euskaraz bizi nahi duten euskaldunak badirela aldarrikatzeko.

Betsalde Mexiko DFen Bernardo Atxaga idazleak euskal literaturari buruzko hitzaldia emango du hiriburuko Arte Ederretako Jauregian. Egun berean, baina Montrealen, Québecen, Euskaldunak Euskal Etxeak elkartearen egoitzan egingo den festara deitu ditu bazkide eta lagunak eta ondoren, L’escalier tabernako taulagainera igoko dira denak, euskal kantaldi bat eskaintzeko.

Abenduaren 4an, Boisen, AEBetan, Euzaldunak Basque Clubek zinea eta musika uztartu ditu ospakizunetan. Hasteko, Amy Arnold eta Etienne Trepannnier kanadiarren “Basque Country: a Nation without Borders” dokumentalaren emanaldia egingo da euskal etxean, eta ondoren gabon kantak eta Amuma Says No taldearen kontzertua Leku Ona jatetxean.

Madrilen, abenduaren 4an, Euskal Etxeak afaria egingo du Euskararen Eguna ospatzeko, elkarteko euskaltegiko ikasle eta irakasleek antolatuta. Hurrengo egunean, abenduaren 5ean, Mallorcan, Artea Euskal Etxeak euskara eta katalanari buruzko solasaldia iragarri du. Hizlari izango dira bertan Pau Sarria, Kinku Zinkunegi eta Joan Melia.

Sydneyn, Australian, Gure Txoko euskal etxeak bazkaria egingo du abenduaren 6an, larunbatean. Alemanian, Berlinen, bertako euskal etxeak Gabriel Aresti eta Bertold Brecht idazleen olerkien irakurraldia egingo du. Eta Kanadako Burnabyn, Zazpiak Bat Basque Club elkarteak egun berean ospatuko ditu Euskararen Eguna eta Gabonetako festa, Olentzero ere bertara bilduko delarik. Amaitzeko, abenduaren 7an, Uruguaien, Montevideoko Haize Hegoa elkarteak festa bat egingo du bere egoitzan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Hori dela eta Euskal Herritik kanpo dagoen eta euskarari lotuta sentitzen den edonor ekitaldi hauetan parte hartzera bultzatuko genuke urtetik urtera gende gehiago biltzea lortuz euskararen alde borrokan jarraitzeko.

0 comments

*