Gu ta gutarrak, euskaratik eta euskaraz

Duela egun batzuk, Argia astekarian murgildu ginela, honako artikulu honekin egin genuen topo: A ze lotsa!. Eta Julen Leuzaren iritzi negatiboari pare bat bueltatxo ematen hasi ginen, izan ere, azken hilotan Etb kritika ugari jaso dituzten saio berri asko emititzen hasi da.  Hala nola, Gu ta gutarrak, A ze banda!, Itxuroso eta Zuek hor eta gu hemen. Sarrera honetan ez dugu programa hauen guztien kontra egin nahi, baina bai beren alde positiboari erreparatu, ez dirudien arren, eduki baitituzte.

Askotan entzun izan dugu “Etb-n ez dago ezer”, “Lotsagarria da Etb-k azkenaldian atera dituen saioak” edo “A ze lotsa!”. Baina zertxobait ahazten dugu: hori da publikoak gustuko duena eta lotsagarria dena horrelako saioek hainbeste funtzionatzea da. Baina hauei esker euskararen alde badugu zer esana. Izan ere, euskararen normalkuntzarentzat puntu positibo bat direla iruditzen zaigu.

Orain gaztetxoek Gu ta gutarrak edo A ze banda! Ikusteko aukera dute, eta ez al da hori hobe Gran Hermano, Mujeres, hombres y viceversa edo Tu cara me suena ikustea baino? Gu ta gutarrak-en, esaterako, koadrila bat sortu asmoz dabiltza, euskaraz mintzo den koadrila bat eta aukera paregabea da gaztetan, “guaya” ez delako, euskararen erabilera galtzen duten orok berreskuratzeko, lagunarteko euskara posible dela frogatzen baitu.

Ez gara saio hauek goresten ari eta ez gara jorratzen dituzten gai eta baloreetan sartuko, soilik, edo ez hain soilik, euskararen alde zertxobait egiten dutela diogu.

Eta zuek, zer deritzozue saio hauei buruz?

0 comments

*