Galtzen dugunaren balioa.

Badira bizpahiru urte AEK-ko gure irakasle batek bideo hau erakutsi zigula. Bideoan, alegia, AEB-tako eta Kanadako euskaldunen ondorengoen euskara ikasteko ahaleginak agertzen zaizkigu. Euren esanetan, euskara da euren familien ama-hizkuntza, euren identitatea gordetzen duena, hain urrun egon arren euskal munduarekin lotura bermatzen diena, euren arbasoengandik hurbil sentitzeko tresna.

Ikaragarria, ezta? Ba, gaur bideo horrekin gogoratu naiz, eta berriz ikusi dudanean lehenengo aldia balitz bezala sentitu naiz. Harro, zorte handiko, malenkoniatsu eta beste hainbat sentsazio igaro zaizkit burutik. Izan ere, bideoan agertzen direnen hitzek hausnarketara naramate entzuten ditudan bakoitzean.

Oso pozik jartzen nau gure hizkuntza maiteak arrastoa mundu osoan uzten duela ikusteak, euskaldunak edonon egon gaitezkeela jakiteak. Baina pena handia ematen dit, berriz, guk, Euskal Herriko euskaldunok, hain preziatua den hizkuntzagatik, GURE hizkuntzagatik behar beste ez egitea.

Patxik klase batean aipatu zuen legez, euskara maitatzearekin ez da nahikoa, euskaraz jolastu behar da, hartaz baliatu eta hari gure ahotsa eskaini. Ez dut uste dugun abantailaz, botereaz, indarraz eta zorteaz kontziente garenik. Agian beste aho batzuetan euskara entzuteak gure barneak mugiarazten ditu. Agian dugunaren balioaz hura galtzen dugunean baino ez gara jabetzen, aspaldian atzerrira joan behar izan zuten euskaldunen eran. Espero dut ezetz, bai euskararen onerako, bai gure onerako.

Boise hiri estatubatuetarreko Euskal Etxea

0 comments

*