Euskal musika zure mugikorrean!

Badok musika atariak mugikorrerako aplikazioa merkaturatu berri du eta horren aurkezpena egin dute Durangoko Azokan. Blog honetan aipatu izan dugun bezala, Badokek interneten dagoen euskal musika biltzen du eta klik batera jartzen dizkigu kanta horiek guztiak.

Google Play eta Apple Store dendetatik jaitsi daiteke muxutruk. Aplikazioak webgunearen atal guztiak biltzen ditu eta beraz, musika entzuteko aukera emateaz gain artisten inguruko azken gertakarien berri ere ematen digu.

badok!!

Ez al da aukera paregabea? Hala ere, gaur egun bada eragozpena edozein izkinatan ikusten duenik, eta nola ez, aplikazio honek ere jaso du horrelako norbaiten kritika. Albistearen amaieran ageri den iruzkin bakarrak, hitz gutxitan esanda, honako hau dio: Badokek osotasuna bildu beharrean interesatzen zaiona baino erakusten ez duela, beti berdinak goraipatuz eta beti berdinak alde batera utziz, hots, lan penagarri bat dugula aurrean.

Jatorria Euskal Herrian duten 428 talde edo artista, 2.075 disko eta 13.292 kantu biltzen dituen tresna lotsagarria al da zuen ustez? Guri behintzat txalotzekoa iruditzen zaigu. Honenbestez, lau erabiltzaile gehiago dituzu gaurtik aurrera, ZORIONAK BADOK!

0 comments

*