Santalutzi, eguna moztu eta gaua hazi

Asko dira egun honen inguruan mendeetan zehar joan-etorrian gorde diren atsotitzak eta usteak. Erabat zuzena ez izan arren, abenduaren 13a urtean argi ordu gutxien dituen eguna dela esaten da, argitu orduko iluntzen duen horietakoa. Nolanahi ere, Zumarraga eta Urretxun Santa Lutzik azoka eguna esan nahi du, biltzeko eta festarako eguna.

Urtero bezala goizean goiz iristen dira Zumarragara lehenbiziko ganaduzaleak. Geroxeago, baina hauek ere goiztiar, euren postuak dotore apainduko dituzten baserritar eta artisauak. Inguruko herrietatik jende asko eta asko inguratzen delarik, bai eta Espainiako hainbat herri edo hiritatik etorritakoak biltzen dira. Zumarraga eta Urretxuko udalek egindako kalkuluaren arabera, 70.000 lagun biltzera heldu daitezke urte bakoitzean. Zenbakiak zenbaki, lepo betetzen dira herriko kaleak eta inguruko errepideak; Ormaiztegitik Zumarragarako bidean goizeko bederatzietarako hainbat kilometrotako auto ilarak egon oi dira.

Santa Lutzi azokak, barazki, fruta, ezti, ardo edo oilasko eta kapoien postuak biltzen baditu ere, zaldien feria izaten da goizeko lehen orduetan arreta gehien bereganatzen duena. Euskal Herrian azokak salerosketarako baino ganaduak erakutsi eta ikusteko eguna izatera pasa dira azken hamarkadan. Hala ere, Santa Lutzi egunean mantentzen da oraindik traturako ohitura. Urtero badira goizaldeko hiruretarako Zumarragara iristen direnak ganadua erakusteko lekurik onenak hartzeko. Zehazki lehengo urtean 133 moxal saldu ziren, 19 behor eta 4 zaldi. Euskal Herriko mendiko zaldi, haragitako edo abere talde onenak ere saritzen dituzte.

Urdaneta kaletik gertu, La Salle-Legazpi ikastetxean nekazaritza tresna eta lanabesak ikusi ahal izango dituzue. Bestalde, eguerdi parteko merkatua izaten da erakargarriena. Urretxuko Gernikako Arbola plazan zein Zumarragako Euskadi plazan barazki eta fruta erakusmahai ederrak jartzen baitituzte. Eta honen ondoan gosez geratu ezkero Tolosako zein Azpeitiko taloak dastatu ahalko dituzue, bai eta egarria ase ondoko txosnetan.

Bi herriotako udalek emandako informazioaren arabera 480 postu inguru jarriko dira aurten; artisau, ezti, lore, turroi, talo, gazta, erroskila edo nekazaritza tresneriak tartean. Errezil Sagar Lehiaketan nabarmentzekoa da, gutxi gora behera 17 partaide biltzen dira eta epaimahaikoak euren postua ikustera pasa arte saldu ere ez zituzten egiten, epaileek perlarik onenak ikus zitzaten.

Lehiaketa honetaz gain oilasko lehiaketak eta ezti lehiaketak ere aurki ditzakegu.

Oso egun berezia da abenduaren 13a Urretxu- Zumarragatarrontzat antzinako ohitura bat bizirik mantentzen baitugu. Beraz guztiok animatzen zaituztegu egun berezi honetan parte hartzera. Hori bai ez ahaztu zuen baserritar jantziak egun honetarako ezinbestekoak baitira. Bestalde Santa Lutzi bezperan egundoko gaugiroa egongo da, bai eta larunbatean bertan ere, beraz badakizue ni non egongo naizen! Eta zuek, animatzen?

Informazio gehiagoren premian bazaudete hementxe duzue egitaraua:

http://www.otamotz.com/santa-lutzi-eguna/

 

0 comments

*